MANIFESTUAREN AURKEZPEN PUBLIKOA EGIN DUTE

MANIFESTUAREN AURKEZPEN PUBLIKOA EGIN DUTE

DURANGOKO AZOKATIK AZKEN ZIEGARAINO

Dispertsioak 20 urte bete berri dituenean, politika honek, Euskal Herriaren gehiengo zabal baten errefusa badu ere, indarrean jarraitzen du. Dispertsioak, ondorio latzak dakartza, bai senideentzat, bai eta preso politikoentzat ere. Dispertsio politikak inpunitate eremuak areagotzen ditu preso politikoen kontra aritzeko. Dispertsioak kolektiboaren beraren sakabanaketa dakar, kolektiboa zatitzeko eta bere dinamika politikoa ezintzeko helburuarekin. Dispertsioak, isolamendu eta bakartzeari loturik, kolektiboaren batasuna apurtzeko helburuaz gain, presoak beren ingurunetik urruntzea eta pertsona gisa hondoratzea du helburu. 2009Ko irailean, 43 dira espetxeetan gainerako preso politikorik gabe, bakarrik aurkitzen direnak. Isolamendu eta bakartze datuak aldakorrak badira ere, EPPK osoari ezartzen zaion bidegabeko neurria da.

EPPK -ri bizi artezko espetxe zigorra ezartzeko erabakia hartu eta horretarako neurriak aktibatu dituzte bi gobernuek azken urteetan. Espainiako gobernua neurri ezberdinak ezartzen joan da: horien artean, kondenaren gehienezko betetzea (máximo cumplimiento de la condena) 40 urteetara luzatzea, kondena osorik bete araztea (cumplimiento íntegro), erredentzioen politika aldatzea eta zigorra luzatzeko dotrina asmatzea ditugu. Egun, 45 dira kondena beterik ere, espetxealdia luzatzeko dotrina aplikatu zaien preso politikoak. Bizi arteko zigorra ezartzeko neurrien bilakaeran, baldintzapeko askatasuna deuseztaturik geratu da EPPK -ren kontra. Egun, baldintzapeko askatasunerako epea (¾) bete duten preso politikoen kopurua 170 ingurukoa da.

Espainiako gobernuak, heriotza zigorra aplikatzen du EPPK -ren kontra, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso politikoak bahitzeko erabakiaren bidez. Azken urtean, egoera honetan diren hainbat presori espetxeratze arindua ezarri zaie, hau da, preso, baina euren etxeetan ditugu. Honen atzean, preso hauek askatzeko egin den lan eta presioa dago, baina ezin ahaztu ditzakegu preso hauei ezarritako baldintza zorrotzak, etxean izanik ere preso mantentzen dituztenak.

Zuekin irakurketa hau konpartitu ostean, Durangoko azokan muturreko egoeren aurka eta Euskal presoen eskubideen alde elkarlana areagotzeko momentuan gaudela uste dugu eta zentsu honetan konpromisoak berristeko unea. Horregatik Kultur arloko norbanako zein elkarteei, bizi osorako zigorraren aurka, gaixotasun larriak zein sendaezinak dituzten presoen kaleratzearen alde eta Euskal Presoen Euskal Herriratzearen aldeko ekimenean parte hartzeko eskatzen dizuegu.


  • Azokan presoen eskubideen aldeko pegatina zuen postuan jartzen.
  • Abenduaren 5ean Durangoko Azokan 12,00etatik 12,30etara zuen postua ixtea eta kanpoko plazan egingo den kontzentrazio eta ekitaldian parte hartzen.


MANIFESTUA


AZOKATIK AZKEN ZIEGARAINO

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA !
DAGOZKIEN ESKUBIDEEN JABE !

Urtero legez, aurten ere, Euskal Liburu eta Disko Azokak euskal kulturaren elkargune bihurtuko du Durango. 44. edizioa dugu honakoa. Lau, lau. Ez da ordea laua elkargunea eta ez gaitu guztiok elkartuko.

Haietako askoren hitzak liburu eta diskoetan agertu arren, Euskal Herriko, Frantziako nahiz Espainiako kartzeletan sakabanatuta dauden euskal preso politikoak ez dira azokan izango.

Elkartu ezinaren aurrean elkartasunaren alde agertu nahi dugu.

Ez da bat ere laua euskal preso politikoek egun bizi duten egoera. Oinarrizko eskubideak urratzen dizkiete, behin eta berriz.

Gaixotasun larri nahiz sendaezinekin, kartzelan mantentzen dituzte preso.
Zigorraren ¾-a bete arren, bai kondena osorik bete arren ere, kartzelan mantentzen dituzte preso. Bizi arteko zigorrak jartzen dizkiete. 20 bete eta hamar gehitu...
Sakabanaketa gero eta gogorragoa da isolamendu bilaketa obsesibo horretan. Senideak ere zigortzeraino. Ez da laua haientzat ere.

Sakabanaketa politika ero honek azken 20 urteotan, bataz beste, senide baten heriotza eragin du urtero.

Hitza eta elkartasuna zilegi dira, ukatzen dizkiguten arren. Beharrezkoak dira egoera malkartsu honen aurrean. Horregatik, honako aldarrikapenen alde gure konpromisoa berritu nahi dugu:

Gaixotasun larri nahiz sendaezinak dituzten euskal presoak kalera.
Bizi arteko zigorrik ez. Zigorra bete duten euskal presoak kalera.
Eskubide guztien jabe, euskal presoak Euskal Herrira.

“Zure eskura dago” dio aurtengo kartelaren mezuak. Horren harira abenduaren 5ean, eguerdiko 12etan, Durangoko azokako plazan jarri dugun hitzordua elkarretaratzea eta ekitaldia egiteko. Bertan espero zaitugu. Gure eskura dago.


Durangon, 2009ko azaroan.

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA
elkartu ezinaren aurrean elkartasuna landu
No hay publicaciones.
No hay publicaciones.